XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Talde horiek, ondoko bi tokietan aurkitzen dira bereziki: Eusko Jaurlaritzak babestutako ikerkuntz zentruetan eta Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait fakultate eta goimailako eskoletan.

Gure herrian, ez da ikerkuntz ohiturarik izan; talde gehienak gazteak dira eta oso kasu gutxitan daramatzate lanean hamar urte baino gehiago.

Horrez gain, nazioarteko kongresuetan eta Europako Ekonomi Elkarteak babestutako ikerkuntz proiektuetan parte hartzen ari diren taldeak ere, kontutan hartu ditugu Euskal Herrian orain dauden goimailako teknikari eta ikerlariak aipatzerakoan.

Lan-esparruak, honako hiru atal nagusi hauetan banatuko ditugu:
materialak
mekanika
elektrizitatea, elektronika eta automatika

Materialak Materialen arloan CEIT, Inasmet, Tekniker eta Labein ikerkuntz zentruak eta Zientzi Fakultateak ari dira lanean.

Bi material-mota nagusi aipatuko ditugu: metalak eta zeramikak.

Metalen arloan iharduera batzuetan dagoen maila, oso ona da.

Iharduera hauetako bat Hausturaren mekanika izenekoa da.

Hausturaren mekanikak, garrantzi handia dauka egituren diseinuan eta aeronautikaren arloan.

Gaur egun guztiz ulertezina da, egitura metaliko handietan (itsasuntziak, zubiak, eta abar) teoria horiek ez erabiltzea.

Hausturaren mekanikan, materialetan beti akatsak daudela suposatzen da eta akats horiek kasu bakoitzean kaltegarriak izango diren ala ez jakitea, kalkuluen helburua da.

Horretarako, metalen portaera ezagutu behar da eta ondoren ezaugarriak hobetzeko zein aldaketa (konposizioa, mikroegitura, tratamendu termikoak, eta abar) sortu behar den erabaki.

Euskal Herrian, gai honetaz, 1980-1990 hamarkadaren hasieratik, bi zentrutan ari dira lan asko egiten eta emaitzen berri, nazioarteko kongresuetan eman da.